Zabalik dago gazteentzako aisialdiko begirale ikastaro arautu berrirako epea

Durangaldeko Mankomunitateak ume eta gazteentzako aisialdiko begirale ikastaro arautu berria eskainiko du, eskualdeko 18 eta 29 urte bitarteko gazteentzat. Interesdunek uztailaren 29ra arte egin ahal izango dute aurreinskripzioa. Plazak mugatuak direnez, eskaintza gaindituz gero, zozketa bidez esleituko dira.

Prestakuntza euskaraz emango da –urritik ekainera–, eta Gaztedi Durangaldea programan sartuta dauden udalerrietan erroldatutako gazteei dago zuzenduta: Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Mallabia eta Zaldibar. Ikastaroak 100 euro balio ditu, eta Durangaldeko Ikastaroak Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketa du, Gaztedi Durangaldearen bitartez. Programa horretan Durangaldeko Mankomunitatea, Amorebieta- Etxanoko eta Ermuko Udalek hartzen dute parte.

Ikastaroa Durangon izango da. Urritik ekainera 150 orduko prestakuntza teorikoa eskainiko da, eta ondoren 160 orduko praktikaldia. Alderdi teorikoak haurren eta gazteen aisialdiko hezkuntza jarduerei, talde eta hezkuntza prozesuei eta aisialdiko jardueretako animazio teknikei eta baliabideei buruzko ikasgaiak bilduko ditu.

Prestakuntza osatzen dutenek haurren eta gazteen aisialdiko jarduerak dinamizatzeko profesionaltasun-ziurtagiria jasoko dute.

Aurreinskripzioa: https://forms.gle/q8TWPwShcVAybx2t7
Informazio gehiago: euskera@dma.eus  / 94 627 86 40